XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

1963ko urtarrilean, pasaportea lortu nuen, nire osaba bat Andonik kontseilatutako militarrarekin mintzatu ondoren.

Soldaduska egin gabe inori ematen ez bazitzaion ere, militarrak koipatuz gero lor zitekeen aipatu dokumentua.

Otsailaren lehenengo igandean, Donostian euria euriari zerion baina bederatzietako Topoa hartu eta Hendaian jaitsi nintzenean, azeri-ezkontzako eguna egiten zuen.

Abiatzeko ordu-laurdena itxaron beharra nuenez, bankuan eseri nintzen Sud-Ouest periodikoaren orri erraldoiak irakurtzera.

Frantsesa ongisko ulertzen nuen irakurrita eta zirkunstantzia honek aparteko atsegin betea zemaidan.

Jende normala baino kulturaz jasoagoa sentitzen nintzen eta berriro ere Donostian bizibidez pakete-banaketan aritu beharra deitoratu nuen.

Eguerdiko hamabietan Baionako katedralaren aurrean aurkitu nintzen.

Ez nintzen sartu.

Zita arratsaldeko bostetan neukan.

Bostetan punttu-punttuan zeharkatu nuen katedralaren ate nagusia eta halako usain definiezin baina atsegin punttuko batek bainatu ninduen sartu baikotz.

Isilaren buhada izpiritualak bortizki blaitu ninduen bezain pronto entzun nuen nire atzean ate lodi larruz forratuaren kolpe belaxka.

Kandela-multxo irazeki dardarati bakanduek ilunantzaren sare santua han-hemenka zulatzen zuten.

Seigarren bankuan, eskuin mutturrean (halaxe zioten zitarako hitzek), gizonezko sendo bat ikusi nuen eserita.

Beste bost emakumezko eta gizonezko bat ere kontatu nituen otoitzean sor.

Dudarik gabe, lehen bista-kolpekoa bera zen bisita nezan Andonik (kasu honetarako Kortak) aipatu zidan apaiza, ate-kolpe belaxkak nor zitekeen atzera begiratzeko hainbat jakin-min ez bazion ere sortu, orduak kuriositatera bultzatuz.